Hizpideak
Salbuespenez salbuespen
Ez da harritzekoa, ez. Espainiako Gobernuak Batasunari begira asmatu zuen Alderdien Legea. Orduan, Aznar zen gobernuburu, eta Zapatero, oposizioko buru. Propio egindako legea zen, salbuespena Batasunari ezartzeko legea. Ordutik hona, Espainiako Gobernuak eta Espainiako auzitegiek behin baino gehiagotan salbuespenaren filosofia erabili dute ezker abertzalea legez kanpo edukitzeko, salbuespeneko interpretazioen bidez eta lege erreformen bidez, espresuki hauteskundeetan aurkezteko ezker abertzaleko balizko moduak eragozteko. Oraingoan, Espainiako agintariak beste salbuespen bat egiteko prest daudela dirudi. Badaezpadako filosofiaren bidetik, beste inori exijitzen ez zaion egiaztapen denbora edo froga bat ezarri nahi diote ezker abertzaleari. Legezko izateko baldintza guztiak bete arren, denbora batez legez kanpo atxiki, frogatzeko esaten dena benetakoa den edo ETA desegiten den. Kontu da irizpide hori erabat politikoa dela, eta ez juridikoa. Eta salbuespeneko politikaren garaiak joana behar lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu