Ainhoa Oiartzabal Azketa.
HIZPIDEAK

Selektibitate egunak

2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gaur, bihar eta etzi hainbat ikasleren etorkizuna baldintzatuko duen azterketa egingo dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan: selektibitatea. Hiru egun irauten duen azterketa hori prestatzen ikasturte osoan jardun badute ere, aurten bereziki urduri joango dira etsaminera datorren ikasturtean unibertsitateko ikasle izan nahi duten gazteak. Izan ere, ikasturtea hasita zegoela zehaztu dituzte azterketaren nondik norakoak, eta irakasleek inprobisatu egin behar izan dituzte eman beharreko eskolak. Ikasturtea hasita zegoela erabaki baitzuen Espainiako Gobernuak LOMCEren barnean zetorren batxilergoa gainditzeko errebalida ez egitea, eta erabaki horren ondotik hartu zuten unibertsitateek sarrera proba diseinatzeko ardura.

Horrek guztiak badu bere alde ona ikasleentzat: behinik behin, batxilergo titulua ez dute beste azterketa batean jokatu beharko. Hezkuntza eragileentzat ere bada albiste ona errebaliden etetea. Baina, aldi berean, hezkuntza sistema zeinen kaltebera den erakusten du horrek gzutiak. Hau da, argi geratu dela errebalidak eteteko erabakia ez dela hartu hezkuntzan parte hartzen duten eragileekin eztabaidatu eta adostu ostean, baizik eta PPren gobernua ahalbidetzearen ingurumarian —PSOEren abstentzioari esker hautatu baitzuten Rajoy presidente— , alderdi horrek eginiko «keinu bat» izan dela.

PPren gobernuak ia oposizio guztia eta hezkuntza eragile gehienak aurka dauzka LOMCE aurrera eramateko. Eta keinu batzuk egin baditu ere, bereari eusten dio. Lege baten helburua baldin bada gai bat arautzea eta artikulatzea, nola egin daiteke hori ongi gai horretan aditu eta aritu diren eragileak kontuan hartu gabe?

Ikasleei egin beharrean, gobernuei egin beharko litzaieke selektibitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.