Konfinamendu gogorrenean, arratseko 20:00etan, balkoi eta leihoetatik txalo zartak entzuten ziren egunero osasungintzan aritzen zirenentzat. Pandemiaren heroiak ziren. Ia bi urteren buruan, Osakidetzako lehen arretako mediku eta erizainek kalera atera behar izan dute, baina ez txalo egitera, ez txaloak jasotzera. Euren egoera larri eta prekarioagatik protesta egitera, ezin dutela gehiago esatera, baliabideak eskatzera, osasungintza publikoa husten ari direla salatzera... Atzo eguerdian, osasun etxe bakoitzeko atarira atera ziren langileak, eta, haiekin, herritar bakan batzuk. Arratsaldean, herrietan egin ziren mobilizazioak. Balkoietako txalo jole asko falta ziren kalean, ordea. Konturatzen al gara herritarrak zer-nolako eragina duen lehen arretaren egoera penagarriak guztion osasunean?
Egun berean, pandemiaren zabaltze geldiezinaren kontrako neurriak adosteko bilera egin zuten Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako presidenteek. Kanpoan ere maskararen erabilera derrigortzea erabaki zuten, zientzialari askok alferrikakotzat jo duten neurria; eta beste behin ere herritarren bizkar utziz ardura. Apenas aipatu zen lehen arreta baliabidez hornitzeko neurririk.
Herritarrei etengabe eskatzen zaie arduraz jokatzeko, baina administrazioek eredu izan beharko lukete, eta ez dira.
HIZPIDEAK
Txaloak ez, baliabideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu