mikel p ansa
HIZPIDEAK

Zati gogorrena

2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Banderak tolestu eta txarangak etxera bidali dituzte Londresen. Joan den ostiral gauerdian Europatik atera izana ospatu zuten. Baina orain, banderak bilduta eta musikak isilduta, brexit-aren negoziazioaren zati gogorrena hasiko da: merkataritza akordioa zehaztea. Orain arte izan dituzten negoziazio guztietan bezala, posizio zurrun antzekoak hartu dituzte, parekoa behartzeko. Ematen du negoziazioen punturik gogorrenetako bat izango dela produkzioari lotutako arauen ingurukoa. Itxura batean, merkataritza akordio estu bat nahi dute bi aldeek —hala komeni zaie—, ahalik eta muga zerga gutxienekin eta merkatu bakar bateko kide balira bezala. Baina Europa ez dago prest hori edozein preziotan onartzeko. Batasuna uzteko tentaldia luketen herrialdeei mezu nahasgarria bidaliko lieke: «Joan zaitezte lasai Europatik, gero merkataritza akordioak egingo ditugu eta». Bistan da mezu horrek ez duela balio herrialde guztientzat, baina, badaezpada, tentazioak murriztu nahi ditu Bruselak, eta Londresi esan dio Europako arau berak bete beharko dituela Europarekin merkataritza itun sakon bat nahi badu. Boris Johnsonen erantzuna: «Erresuma Batuak merkataritza askearen superman bat izan behar du». Alegia, ez dituela Europaren arauak bete nahi, eta bere arauak ezarri nahi dizkiola produktuen ekoizpenari. Azkenean, hori esan nahi zuen subiranotasuna berreskuratzeak: merkatua desarautzea, muturreko liberalismoaren mesedetan. Eta zume horiekin, negoziazioa ez da samurra izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.