HIZPIDEAK
Zaurituta
Halaxe sartu zen, atzo, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez legebiltzarrera. Zaurituta, bezperan labankada jaso baitzuen Madrilen, Zapaterok sartutakoa lan politika aktiboen transferentziarekin.
Lopezek jakin behar zuen honezkero Zapaterok nola jokatzen duen, Katalunian Estatutuarekin jazo zena aintzat hartu balu. EAJk eraman du orain saria, baina EAJrentzat ere ez da sari bikaina, Estatutuaren eskumenak salerosteko merkantzia bilakatuta baitaude.
Zaurituta sartu zen Patxi Lopez, eta alegiazko diskurtsoarekin miazkatu nahi izan zituen zauriak. Historiako legebiltzarrik legitimoena ei da oraingoa, eta gobernua eta lehendakaria egonkorrenak. Bakegintzarako aukerarik ez ei da ireki, eta, beraz, ez ei du urratsik egin beharrik.
Zauritutakoaren ajeak izango dira. Baina bere inguruko norbaitek esan beharko lioke biluzik dagoela, norbaitek egin beharko lioke Sancho Panzarena, errealitatera itzul dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu