Aspaldiko lagun pareak modako okindegi-kafetegian egin du topo. Bion kafesne-kruasanak mahai bakarrera bildu eta batak besteari ezin apainago dagoela estereoan adierazi ostean, musuka eta zalapartaka hasi dira. Bolada luzean elkarren berri izan ez balute bezala ari dira biak, arrapataka galdezka eta kontu kontari, elkarri txanda errespetatu gabe kasik, eta ingurukoak eragozten ari ote diren ezer gutxi inporta zaiela.
Segidako mahaian BERRIA orriztatzen ari den gizasemeak isiltzea nahi luke, edo apalago aritzea behintzat, erdibidean utzitako artikulua bukatu ahal izateko sikiera. Presarik batere ez, eta luzerako soka dute, ordea. Etsi-etsian, katiluan hozten utzitakoa edaten duen artean, berritsuek transmititzen dituzten notiziak aditzearen alde egin du. Finean, beste aukerarik ez du.
Halaxe jakin du bi emakumeak auzokideak izan zirela (Irun aldean nonbait), antzeko ohiturak zituztela etxeko lanei dagokienez, sarritan egiten zutela topo ezkaratzean, ondokofruta-dendan, eta baita sukaldeko leihotik barne-patioko soketan arropa zintzilikatzerakoan, desordutan beti. Horri esker egin zirela seguruenik, adiskideak. Eta beren senarrek Real Madril zale amorratuak izaten jarraitzen dutela, Beckhamen garaiko ikusgarritasuna galdu duten arren, eta hura bai jateko moduko pantxineta, eta non ote dabilen orain…
Freskotik batere ez duten lelokeriak direla ebatzita, kafe epeldua azken tantaraino bukatu, egunkaria besapean eramateko ondo tolestu eta patriketako txanpon hondarrak kontatzen hasi da gure irakurlea. Baina aulkitik altxatzera zihoala, ahots lodiz mintzo den andreak hartu du protagonismoa, eta azken urteko kalapita esanguratsuenak azaltzen hasi zaio besteari, doinu serioan eta dezibelioak beheratuta.
Lortu omen zuen azkenean senarrak Irunera trasladoa —“funtzionarioa ote? Komandantzian aritzen ote da?—, galdetzen dio bere buruari egunkaria berriro zabaldu eta atzeko Potreta irakurtzeko plantak egiten ari denak—, eta alde horretatik pozik, baina azken urtea infernua izan omen da, eromen ikaragarria, zeren eta, pentsa, Irunen A eredurik ez, eta Beran eskolatu behar izan ditu mutikoak, han gaztelera hutsezko eskaintzarik badelako. Egun osoa taxilari lanetan gora eta behera, eta eskerrak halere autobide berriari, eta zer beste egin ote zezakeen, eta ez ote den nahikoa tortura kimikako taula periodikoa buruz ikasi beharra, bismuto, antimonio eta horiek guztiak, gainetik euskara, hizkuntza artifizial hori, errizino-olioa balitz bezala zintzurretik pasarazteko...
Eta orain bai. Orain bat-batean altxatu, eta nahikoa eta sobera entzun duelakoan, ospa egin du korrika. Harrituta doa, behingoagatik, euskararen kontrako beligerantziak barregura eman diolako, amorrazioa baino gehiago.
Uda beteko (p)lana
Igandeko gosaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu