1993ko martxoa. Hezur eta azal besterik ez den haurra, bost bat urteko neskato beltz biluzi eskeletikoa, Sudango bazter antzu batean ageri da makurtuta. Zotz itxurako besoak eta sudur-kopetak lur idorretik altxatzeko indarrik ez duela, guztiz akituta dago, hilzorian. Atzean, bizpahiru metrora, bera baino hornituago eta tenteago ageri den putrea du adi, disimulatu behar izan gabe zelatan, goseak ia akabatu duen harrapakinari heltzeko abagune egokiaren zain. Aurrean, berriz, gizaseme gazte zuria, ederki elikatua, argazki-kamera profesionala eskuetan duela, harraparia bezala barrandan hau ere, istant onenaren esperoan. Kevin Carter da, erreportari grafiko hegoafrikarra, Sudanera oporretara joan eta heldu bezain azkar ateratako irudi honi esker, Pulitzerra irabazi zuena.
Historiak dio, edo mitoak, hogei minutu luze eman zituela hantxe geldirik, dar-dar imintziorik egiten ez zion hatz erakuslea kliskatze-botoian jarrita zuela, Herioa bere formarik gordinenean harrapatu nahian: putreak, hegalak zabalduta, haurra bere altzoan bilduko zuenekoa. Gogaituta alde egin omen zuen handik, bere oporrei ostutako denbora tarte horretan imajina perfektu hori lortu ez zuelako. Bai, ordea, sari preziatua.
Historiak dio, edo mitoak, mundu osoan ospetsu egingo zuen argazki hura baino lehen, bulegora doanaren antzean joaten zela goizero Johannesburg-eko periferiara, Apartheidak heriotza-eremu bilakatutako Sowetora, Tokozara, Katlehong-era, masakrearen espresio izugarriena film fotografiko zuri-beltzetan paratzera, gehienetan lepo drogatuta; eta han ikasi zuela, kamera harresi emozional gisa erabilita, bere burua izutik, horroretik, errukitik babesten.
Historiak dio, edo mitoak, irudi sonatu hura argitaratuz geroztik, ezagunek eta ezezagunek, etxekoek, denek, nonahi eta noiznahi egiten zioten galdera —haurrari laguntzeko zer egin ote zuen— madarikazio jasanezin bilakatu zitzaiola; eta handik gutxira, inoiz gaindituko ez zuen depresioan hondoratu zela, bereziki haren lagun-mina Tokozan tiroka hil ondotik. Gerretako argazkilaria omen zen hura ere. Eta galdera torturatzailea egin behar izan ez zion bakarra.
Pulitzerra jaso eta bi hilabetera, 1994ko uztailaren 27an, txikitan jolasean aritzen zen tokian aparkatu zuen autoa. Motorra martxan zuela, ihes-tutuari gomazko hodi bat lotu, hura leihotik sartu eta, gustuko musika entzunaz batera, karbono monoxidoa arnastuz lortu zuen behin betirako, bere baitan lehertutako bihozgabekeriak eta galderak isiltzea.
Somaliako tragediak eraman gaitu Kevin Carter zenarengana. Teleberrietan etengabe ikusten ditugun imajinek, Afrikako lehorte gerra eta goseteak errepikatzen dituzten irudiek, bertakoen miseria baino gehiago, gure sentiberatasunaren suizidioa ispilatzen dutelako.
Uda beteko (p)lana
Irudiaren indarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu