Hitz beste
Isilik
Iristen da furgoneta bat moilara, arrantzontzien parera. Edo herri txiki bateko plazara. Edo merkatu baten aurrera. Jaisten dituzte bertatik oholtzatxo bat eta atril bat, muntatzen dute eszenategi txiki bat, eta laster hautagaia iristen da, bizpahiru lagunekin, argazkilari bat eta kamera bat atzetik dituela. Hautagaia oholtzatxora igotzen da. Lagunak bere atzean jarri dira. Hautagaia mitin labur bat ematen hasten da. Argazkilaria, kamera eta lagunak kenduta, inoren aurrean. Publikorik gabeko jardun bat da, hedabideetan agertzeko antolatua. Argazkilaria fotoak ateratzen hasten da hautagaiari; ez dio foto bakar bat egingo publikoak egon beharko lukeen tokiari. Deprimigarria egiten zaio eszena; deprimigarria bere lana ere. Baina argazkilariak nahiago du txit isilik. Bera da ia publiko bakarra, baina ez du gaizkiulerturik nahi hautagaiarekin: mitintxoa ematen ari denak ez dezala pentsa berari emango dionik bere botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu