Uda beteko (p)lana

Izozkiaren magia

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Senarra eta alaba lasai ederrean lotan utzita, goizean goiz partitu da andere irribarre zabala. Ordu txiki horietan, Hendaiatik gora erlaitza bazterretik doan errepidea hartuz gero, hamar minutuko bidea besterik ez du Donibane-Lohizunen dagoen lantokiraino. Hamaika koloreko eta beste horrenbeste zaporeko izozki italiarrak fabrikatzen aritzen da bederatzi bat orduz, mokofinena ere aho bete hortz uzteko moduan.

Iristearekin batera, nagusia etorriko zaio agurtzera, eta kafe beltz-beltza eskainiko dio, hortzak iluntzen dituen horietakoa, etxetik gosalduta datorrela jakin arren. Hark, goizeroko arreta baldintza gabea eskertu egiten baitio, onartu egingo dio, edaten hasi orduko bizkarrezurreko ornoak banan-banan hotzikaratuko badizkio ere. Eta gero, jada buruko zorroa eta bata jantzita, osagaiak batuko ditu, tresnak aterako ditu eta lanari ekingo dio, marmarrean kantari.

Oraintxe puri-purian da negozioa, eta gogotsu aritu beharra dago, astelehenetik igandera, turistentzat jarduten dutenei ez baitzitzaien atseden egunik asmatu, ez sasoi betean. Hileko soldatak baino gehiago, neguak ekarriko dio oraingo izerdien ordaina: bi hilabeteko lasaitua. Pagatua. Dena beretzat.

Topiko guztiak irauliz, beharra amaitu eta gero hasten da izozki-artisauaren kalbarioa. Lantegia eta mundua bereizten dituen atetik pasatu orduko, etxerako bidea eragotziko dioten bisitari sardekin egingo du estropezu, txankleta hotsa eginez trostan doazen hondartza zaleekin, surflarien taulekin. Gero, noski, autoa traban uzten duten gibel handiek amorratuko dute; aurrera egin beharrean, abiadura desesperatzeraino moteldu eta paisaiari begira lokartzen diren gidariek; haien erruz betikotzen diren auto-ilarek; eta, jada herrian, hondartza aldean bizi baita, aparkaleku ziztrin baten bila bueltak eta bueltak eman beharrak…

Latzak izan ohi dira itzulerak, bereziki gaurkoa. Aita-alabak gozo gabe eta goizetik liskartuta aurkitu ditu etxe zokoan. Arrazoiaz galdetu orduko, sesioan hasi zaizkio berriro, eta errieta egin diote bat-batean irribarrea galdu duen artisauari. Oporrak hondatzea leporatu diote biek, familia-giroa hipotekatzea, inora ateratzeko aukerak izorratzea, berekoia izatea. Irakasle titulua duela gogorarazi diote bestalde, eta gogoz kontra izango bada ere, gainerakoen bizi-planarekin bat datorren ofizio horri heltzea exijitu, berak hain maitea duen lan hori eta antzekoak, erremediorik ez dutenentzat direla ohartarazita.

Zakur eguna, inondik ere, marrubi, zitroin, hur, kafe, bainila nahiz pistatxozko krema izoztuak prestatzen ari zen bitartean sentitu duen bake gozoagatik izan ez balitz. Lanean ari denean, ilargiraino joan eta bueltan etortzeko askatasuna sentitzen duelako izango ez balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.