Kasualitatez argazki zahar bat deskubritu izan balu bezala, aspaldian akordatu gabekoak etorri zaizkio gogora, bizitza osoa —jada 50 urtetik gorakoa— Jaizkibel mendiaren altzoan eman duenari. Itsas hegaleraekarri du egunotako sargoriak.
Gazteago zeneko bizipenak baino gehiago, lurrari lotutako sentsazio higuingarriak harrotu zaizkio zangoak uretan dituela; haurtzaroko abenturatxoak edo nerabezaroko desamodioak baino gehiago, ingurumen zigortuak sakon zizelkatu zizkion irudi ezkorrak, oraindik askatu ez diren korapiloak. Olatu kiribilek abiatu diote iraganera bidaia, berengandik gertu puskatzean sortzen duten bitsak.
Flash itsugarriaren moduan, Santa Klarako espaloian ikusi du bere burua, haur praka motza zen garaian bezala, kareletik begira. Itsaso urdinaren ordez, lokatza eta zikina ageri zaio balizko horizontean, Oiartzun ibaiaren bazterretan metatutako apar trinko zuria, marearekin batera egiten zituen gorabeheretan betikotua. Atzean, estolda bilakatutako ibaiari atxikita, paper-fabrika, pinu enborren zerratze zaratatsuak, egur egosiaren kiratsa. Nostalgia traidorea sentitu du. Bista engainatua ezkerrerantz bideratuta, gaurko egunera itzultzen saiatzen da. Ezin du. Bere luzera osoan ageri zaion Jaizkibel mendiak ez dio uzten.
Dagoen tokitik begiratuta ikuspegi gozoa eskaintzen badio ere, garai batean zerion heriotza usaina usnatu dio, kresala ahantzita. Urte luzetan hondamendiak beretzat hartutako parajea izan dela otu zaio, eta, bere modura, mendiaren bestaldean hil diren urpekariei, itsaso txarrak Pasaiako Puntetan irentsi zituen marinelei egin die errezo. Baita militarren eremuko tiroen biktima izan zirenei ere. Haur haiei.
Orain dela gutxi arte sarritan berritzen ziren suteak gogoratu zaizkio gero. Pinua produzitzera behartutako magala zenbatean behin soiltzen eta belzten ote zen kalkulatzen saiatu da.
Eta gerra ankerren testigu izandako dorreak. Eta gotorlekua, soldaduen babesleku izan ostean, drogaren lotsari emana. Eta Iberdrolak probokatutako euri azidoa, eta haren ondorioz erre ziren sagastiak. Eta Pasaiako kaiaren utzikeria. Eta bertan herdoiltzera kondenatutako txatarra meta erraldoiek osatzen duten laino toxikoa. Eta denborak, batzuetan gupidarik gabe astintzen duen elementu horrek, oraindik onbidera ekarri ez dituen beste hainbeste zorigaitz ere. Denak bururatu zaizkio elkarren segidan.
Arratsaldeak ilunabarrari erreleboa eman baino lehentxeago, saldoan igaro diren hegaztiek aldarazi diote pentsamenduen norabidea. Hondartzatik ikusten ez den erlaitzerantz hegaldatu dira, gizakiaren atzaparretatik libre gelditzen den eremu birjinera, gaua euren habiatan egiteko planean. Hunkigarria egin zaio estanpa. Eta halaxe sentitu nahiko luke aurrerantzean Jaizkibel. Bizirik. Naturaren bizitoki.
Uda beteko (p)lana
Jaizkibel
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu