Oraindik bertigo txikia izaten dut urteko lehen hitzak idaztean (Whatsappetik kanpo, hori mintzotik gertuagoko jarduera baita): hau da aurten idazten dudan lehena, igandeko zutabea iaz idatzitakoa baitzen. Gogoan dut txikitan zirrara berezia sentitzen nuela eskolan data berria idaztean, oraindik «mila bederatziehun» batekin hasita.
Kontuz ibili behar da, urte aldaketak atzera begirakoak eta nostalgia errazten ditu-eta. Batek tentazioa du orduko hark zer esperoko zuen gaur gauden dataz, 202X honetaz. Seguruenik ez zitzaigun burutik ere pasatuko. Adinaren eta urte joanen kontzientzia errazago atzematen dugulako besteengan. Vienatik ematen duten Urteberri eguneko kontzertuaz, esaterako, sare sozialetan jende askok komentatu du zuzendaria, Daniel Barenboim, zenbat zahartu den, maiz plataforma horietan ohikoa den ankertasunaz komentatu ere. Aurrekoan lagun batek adierazi zidan gure mitoen belaunaldi oso bat zahartu eta hiltzen ikusten ari garen lehen euskaldunak garela.
Norbait zenbat zahartu den, zer zahar agertzen den eta abar: esaldi horiek guztiek pluraleko lehen pertsona inplizitu bat daramate beti. Funtsean gazteago ikusi dugula aditzera ematen du, gu harekin desgaztetu garela, ez ikusi nahi izan arren.
JIRA
199X
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu