Zahar samarra naizela esan nion itzultzaileari, edo zahartu berria, eta jada hasia naizela akatsik txikienarekin petraltzen, eta beti etortzen zaidala gogora aspaldi batean entzundako burutazioa: euskaraz egiten diren akats txoro horiek hartu, espainolezko itzulpenera aldatu, eta argitaratu testu hori akats eta guzti. Zer pentsatuko luke irakurleak?
Eta hala ere hizkuntza oso finkatuta dagoela esaten zidan itzultzaileak, garai batean bakoitzak bere senari jarraiki idazten zuela kasik, oraingo gazte bati euskara batuaren inguruko borrokak kontatuz gero, sinistu ere ez lituzkeela egingo. Ez zegoela araurik, ez zegoela batasunik, ez zegoela ezer.
Hara, esan nion, orain berriz, euskara batuaren aberastasuna izugarria da: zenbat euskara biltzen ditu bere baitan euskara batuak? Hiztunak adina bai gutxienez. Zenbat modu daude gauza bera esateko? Asko izan behar, inolaz ere. Pentsa, erakunde publiko bat gai izan da, oraindik orain, ekitaldi baten izenburua hiru modutan emateko. Aberastasuna hori da: espainolez bakarra, ingelesez bakarra, eta euskaraz hiru. Ez zuen ezer esan.
Gero berriketa bestelako kontuetara joan zitzaigun. Gezurra, eraman egin genuen, kezkak arintzeko asmotan.
Aberastasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu