Epaiketarekin batera gertatzen ari den kontraepaiketa ikuskatzeko aukera dugu tarteka. Europako auzitegiek ebatziko dutenaren beldur ari dira maiz epaile espainiarrak. Behatzaile askok seinalatu dute etor daitekeenari aurrea hartzen ari direla. Hori hala izanik, oraindik beste kontraepaiketa bat gorpuzten hasi zait begien aurrean. Politikari (eta ekintzaile) katalanen auzian, beste politikari batzuk (katalanak, euskaldunak, espainiarrak...) aritu dira, orain arte, lekuko. Politikari batek hitz egiten duen aldiro badaki bera epaitzen ari direla, bere boto emaileek (iraganeko ala etorkizuneko) edo, bestela, Historiak berak epaitzen duela. Horregatik, nekez uzten diote politikan aritzeari. Ez dira lekuko onenak. Honako hau epaiketa politiko bat izanez, beharbada ez da munta handikoa, baina hala da.
Espainiako presidentea, presidenteordea eta barne ministroa izandakoak lekukoen eserlekutik igarotakoan, epaitutakoak haiek zirelako irudipena izan nuen. Urriaren lehenean polizia operazioa nork agindu zuen galdetuta, fardela batak besteari pasatu zion, erantzukizunari uko eginez. Presidenteak presidenteordeari, horrek ministroari. Ministroak agindupeko bati.
Epaiketa ugari ari dira gertatzen aldi berean.
JIRA
Aginte katea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu