Akatsak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez nintzen konturatu, ez nuen arretaz irakurri, ez dakit, ez nuen ikusi. Behin errotatibara sartuta, ez dago akatsak zuzentzeko aukerarik. Hanka sartu nuen, gaizki idatzi nuen, ez dauka bueltarik. Gorroto ditut aitzakiak, ez ditugu maite gauza inperfektuak, gezurra da, ez ditugu nahi akastunak, begiekin pentsatzen dugu, eta bizitza barkatzeko erabiltzen den esaldi madarikatua, inor ez da perfektua, behin betiko kendu beharko genuke gure memoria gogorretik, gezurra baita, denok gara perfektuak, eta batzuk pluskuanperfektuak. Kontua ez da akatsa onartzea, kontua akatsa hobestea da.

Akatsa da munduaren egia. Testu bat irakurtzen ari zarenean, txarrena izanda ere, barruan sartzen zara, ez dituzu hizkiak nabaritzen, ez dituzu hitzak irakurtzen, ahaztu egiten duzu irakurtzen ari zarela ere, ahaztu egiten duzu hori testu bat dela, ahaztu baten batek idatzi duela, asmatua dela. Baina ai, akatsen bat topatzen baduzu. Nahikoa da hizki bakar baten absentzia, begiak eta burmuina hortxe geratzeko, testutik irten eta akatsa besterik ez ikusteko, testua irakurtzen ari zarela konturatzeko, irakurtzen ari zarela ohartzeko. Eta hor dagoela mundua, akastun, perfektu, paperean bezain eder eta zatar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.