Eta gaurko eguna zer da? Dena eta ezer ez, edo arrazoiaren alde egiten duen zuhur horietakoa bazara, ia dena eta ia ezer ez, lurrak bere ardatzaren gainean emandako bira bat, ohetik oherako bidea, argi printza batzuk, ordu gutxi batzuk, gauza hutsa, inondik ere. Eta iristen da iluna, batzen dituzu begiak, eta ez dakizu egunak zer eman duen, zer eman dizun, hitz bat akaso, infinitesimala ikasi nuen atzo, asko gustatzen zait, zer da gaurko eguna?
Eta hala, eguna gauari josiz eta goizero jaioz egiten du batek aurrera, arrastaka bada ere, eta saiatzen da eguneroko zurrunbilo zorotik apur bat aldentzen, apaltzen, moteltzen.
Liburutegia da leku aproposa. Inor ez da egoten normalean. Bizpahiru lagun topatu izan ditut batzuetan, wifitik zintzilik, eta besteren bat akaso liburu artean, inoiz edo behin, gutxi izanagatik badago oraindik liburuak irakurtzen dituen jendea, baina gehienetan bakea egoten da. Nobelak dauzkazu eskura, fikzioa esaten zaio asmatua delako, baina errealitatea ere asmatu egiten da.
Bat-batean, izua. Giza uholde baten ostean, liburutegia bete egin da, gazteak dira, ezin du izan. Unibertsitatetik ekarri dituzte, esan dizute gero, liburutegian ez galtzen ikas dezaten.
Jira
Arrazoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu