Angel Erro.
JIRA

Artea

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean itzuli nintzen Veneziatik, sei egunez Venezia eta Veronan eman ondoren. Astelehenean lur hartzean, tenperatura hartu ziguten pistola itxurako aparatu batekin. Ubidedun hirian lehenago egon gabea nintzenez, hartaz nituen oroitzapen gehienak literarioak ziren. Gustav Mahlerren adagiettoa buruan eta ahapeka ibili genuen ez gutxitan. Josif Brodskiri Sendaezinen Nasan eskainitako plaka irakurri. Txantxetan irudikatu Thomas Mannen Herioa Venezian eleberriaren remake batean parte hartzen ari nintzela, edertasunaz inguratuta epidemiaren mehatxuri entzungor. Tadzio bat bilatu hartaz maitemintzeko. Scuola Grande de San Roccorenean berrogeialdia pasarazten digutela irudikatu (ez alferrik XIV. mendean izurrite garaian gaixoak artatzeko sortu zen kofradia), ustez eta inoiz ikusi ditudan sabaiko fresko ikusgarrienen azpian eta beharbada inoiz zapaldu dudan zoladura ederrenaren gainean ilaundu eta akaso hiltzeak heriotza arinago bihur dezakeela: ez al da hori artearen funtzio behinena?

Itzulita, literatur jolas makabro horien damu naiz. Ondokoen kezka eta izua ez dira txantxetarako. Poetak esan bezala, bizitzea arte handia da, baita maitasuna ere, noski, baina heriotza ez da inoiz arte edo artista izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.