Angel Erro.
JIRA

Artopila

2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arte kritikariak eta iritzi emaileok egonen dira, eta gaude, Louvre museoan La Gioconda margolanaren kontra bisitari batek jaurtitako gozopilaren kasua zein aldetara erortzen den, haren gainean amiltzeko. Hau da, hemendik gutxira norbaitek aldarrikatuko duen ekintza artistikoa izan den (bestelako osagai aldarrikatzaileduna, gaurko gustuak eskatu bezala) edo buruz desorekatutako norbaitek egin duen (sail horretan sartuko litzateke arreta mediatikoaren gose den edozeininfluencer-nahi ere).

Tarta jaurtiketari Lur planeta suntsitzen ari garela-eta hartan hausnartzeko eskaera gehitu diola jakiteak ez ditu, oraingoz, gauzak gehiegi argitzen.

Azkenean performance artistiko bat izan dela ebazteko, hori bai, ekintzaren atzean dagoen diskurtsoa (hobeki) esplizitatu beharko du nolabait, hala nola lana dokumentatzeko erabili den moduaren aurkezpena (dokumentatu gabeko performanceari bizitza deitzen diogulako, eta aski depreziatua dago), zeina izan zitekeen, zergatik ez, ehunka turistaren grabazioen bideo-collagea. Ongi moldatuko balitz, hemendik urte batzuetara museo batean, Louvreko sukurtsal batean akaso, erakuts lezakete.

Horren ordez, tartarena bandalismo hutsa izan bada, diskurtsoa guk egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.