Guztia bi aldiz gertatu ohi da, edo modu entzutetsuago batez esanda: Historia errepikatzen da. Horren jarraipena ere ezaguna da: lehendabizikoan tragedia, bigarrenean fartsa moduan. Karl Marxen esana da, eta hutsik egin gabe aplika dakioke ia edozein egoerari, guztiek baitute aurrekari bat, nahitara aukeratzekoa. Norberaren begiradan dago gakoa.
Nireak, esaterako, behin eta berriro esaten dit euskal gatazkak eta prozesu katalanak erlazio mota hori dutela elkarrekin. Gure tragediak hildakoak edukitzeak konparazioa mingarriago egiten du. Horretan, jakina, ez dira hain antzekoak. Bai, berriz, gobernu zentrala ematen ari den erantzunean. Beharbada ez daki bestela. Aste honetan atxilo eraman dituzte «tsunami separatistaren atzeko enpresariak» edo, non irakurtzen duzun, «Puigdemonten inguruko enpresariak» edo «trama zibileko kideak». Burura etorri zaizkit 18/98 sumarioaren hastapenak. Eta bide osoa korritzekoa dute oraindik. Oraingoan, baina, teoria marxistari jarraikiz, fartsaren oihartzuna ozenagoa izanen da, izaten ari da. Ezin sinetsian harrapatu nau 10.000 soldadu errusiarren akusazioak. Auzitara iritsiz gero, ikustekoa izanen da (eta errusieratik aldibereko itzulpenaren bidez entzutekoa) lekukoen barrea.

JIRA
Aurrekariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu