Angel Erro.
JIRA

Ausozkotasuna

2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Garai batean ez nuen loteria erosten, inoiz ez, inolakoa, inongoa, inorentzat inondik ekarrita, inorekin partekatuta. Baina ez nuen horrekin nahikoa. Garai batean, loteria erosten zutenei, gertukoak izanez gero, errieta egiten nien eta, ezezagunak izanez gero, irri, gutxi gorabehera bi kasuetan argudio berberekin. Matematika ez dakienak, irrazionalki pentsatzen duenak edota presio sozialari amore ematen dionak (atseginez eta batere kexatu gabe) ordaintzen duen zerga dela esaten nion aditu nahi ninduen orori. Garai batean ezkerreko jarrera irmo batetik gaitzesten nituen loteria erosten duten guztiak.

Lehengo argudio bat bera ere ez da iraungi. Guztiek berdin-berdin balio dute eta guztiek berdin-berdin konbentzitzen naute. Baina ohartu naiz garai batean goxo eta diru kezka handirik gabe bizi nintzela gurasoenean, amari errieta edo loteria bulegoen aurrean ilara luzean jarritakoei irri egiteko bezain eskarmentu eta enpatia gutxirekin.

Oraindik ongi badakit ausazkotasunak ez duela inoiz aberastasuna banatu. Ez zait lezioa ahaztu, baina irakaspena emateko gogoa pasa zait. Bakoitzak jakinen du bere beharraren, bere irrazionaltasunaren, bere inkoherentziaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.