Javier Remirez Nafarroako lehendakariordea egunotan atera da Landabengo fabrikan auto elektrikoak ekoiztuko direla esatera. Ez da ez genekien ezer, aspaldidanik dago iragarrita eta, antza, ziurtatuta zegoen, baina zerbaitegatik sentituko zuen notizia berritzeko beharra. Beharbada, egunotan ere auto elektrikoa erosten duenak jasoko dituen dirulaguntzak (Nafarroan 14.500 euro artekoak) notizia izan delako. Dirulaguntza bitxia, erregresibotik daukanagatik (dagoeneko diru dexente duenari ematen zaio, laguntzarekin ere ez baita erosketa merkea auto elektrikoa).
Argi dago hemen horixe dela etorkizuneko apustua. Hidrokarburoak atzean utzi, baina kotxea ez. Auto elektrikoak ekoizteak ere (gutxiago bada ere) kutsatzen duelako errealitateari entzungor egitea momentuz. Erkidegoaren ekonomia oraindik horretan sustengatzen delako. Dirulaguntzak, beraz; epe luzeagorako irtenbideak bilatzea baino errazagoa delako. Ez dakit merkeago ere.
Beste toki batzuetan, auto gabe, bizikleta elektrikoak bultzatzen ari dira, halako renove plan bat eta guzti. Ibilgailu handi baten jabe esklusiboa izatea gain behera doan honetan, herritarrengan, naturan eta osasunean pentsatutako neurri egokiagoa ematen du, epe luzean.
JIRA
Auto elektrikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu