Autobusean

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Edozein herritako edozein alkatek edo zinegotzik egin beharko lukeen (eta inoiz egingo ez duen) lehen ariketa da. Ez egun batean, plantak egiteko, ez, hartu autobusa egunero, pare bat astez gutxienez. Ireki ditzala ondo begiak eta hobeto belarriak, eta has dadila soziologia ikastarorako emandako paperak betetzen.

Autobus zenbakia, autobusa hartu duzun geltokia, eguna eta ordua zehaztu lehendabizi; eguraldia deskribatu labur-labur. Bidaiariak zenbatu. Zein maila ekonomikotan kokatuko zenituzke? Zein jatorritakoak dira? Zenbat dira gizonezkoak, eta zenbat emakumezkoak?

Gizonezkoak, ze adinetakoak dira? Eserita doaz, ala zutik? Hitz egiten dute elkarren artean, ala isilik doaz? Hitz egiten baldin badute, nola egiten dute, baxutik, zurrumurruan bezala, ala ozen, besteek entzuteko moduan? Irakurtzen ari dira, musika entzuten, autobuseko telebistari so daude, ala leihotik begira doaz? Hartu arkatza, bete paperak, eta nahi izatera, oharrak gehitu: zuria, 45 bat urte, zakar aritu da gidariarekin; putasemea deitu dio.

Egin zenbaketa eta galdeketa bera emakumezkoekin. Eta nahi izatera, gehitu oharrak: gehiengoa dira, aldearekin; jatorri eta adin guztietakoak ikus daitezke; asko, edadetuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.