Balio erantsia

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ikusten dut Garcia Marquez Carlos Slimen premuaren eztei ospakizunetan, eta ez naiz harritzen, eta horrexek ematen dit minik handiena. Boterearen mahaian esertzera gonbidatzen zaituzte, eta puztu egiten zara, hazi, bazara nor azkenean, hor zaude, egon behar den lekuan, gizon handien abaroan, zeu ere gizon handi, noski, denak ala denak historiak urrezko orrialdeetan gordeko dituen izenen jabe.

Ez gaitezen tronpa: berdin dio zer idazten duzun. Berdin dio zer esaten duzun, zein izan den zure jardunaren xedea, zein zure etsai ideologikoa, zeren kontra egin duzun eta zeren alde, bost axola. Lana geratzen dela esaten da, baina gezurra, izena geratzen da; eta historia horixe da, gutxi gorabehera: oturuntza batera gonbidatutako jende txit gorenaren zerrenda. Eta beti dator ondo gonbidatuen artean artistak, idazleak, intelektualak edukitzea. Beste ukitu bat ematen diote festari, ez hain primitiboa, ez hain arranditsua. Diruak eta kontu prosaikoek garrantzia galtzen dutela ematen du. Jasoagoak direla hara bildutakoen kezkak. Eta idazleak inoiz Nobela jaso baldin badu, horra festari falta zitzaion ginda: kultura eta prestigioa biak batean.

Eta gero esaten dute kultura ez dela beharrezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.