Ozta-ozta iritsi ginen trenera, ateak ixten ari ziren, txartela pasatu behar izaten da aurretik, amorrua ematen du, leiho ondoan bazegoen lekua hala ere, ez da hainbeste jende ibiltzen ordu horietan, edadetuak izaten dira gehienak, edo pasiera bat ematera ateratzen diren familia perfektuak, eguraldia ere ederra zegoen, populuak bazeukan promenatzeko aukera, ia-ia zoriontsu izateko eskubidea genuela sinestera iristea geneukan, marea beherak hondoetako lupetzak agerian uzten zituen. Igandea zen, denok ginen berdinak treneko bagoi hartan, gutxi gorabehera.
Trenetik jaitsi eta autobusa hartu genuen, badakizu, euskal hiria. Gidaria ez zen txarra, takar samarra izatea, eta errotonda bakoitzean pasilloan bukatu behar nuela iruditzen zitzaidan, baina eutsi egin nion, gizonak hori baino zailduagoa behar du esan, eta bidaiaz gozatzeko errepikatu nion neure buruari, begiratzeko zeru urdinari, uzteko eguzkiari azala laztantzen, ez nengoela kexatzeko, denok berdinak ginela autobus hartan, gutxi gorabehera.
Etxera iritsi, eta sarean murgildu nintzen, bazka bila. Ohi dudan moduan, zuzeun sartu nintzen, internetzaleon albistari horizontalean. Han ere denok berdinak gara, gutxi gorabehera.
Jira
Berdinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu