Angel Erro.
JIRA

Bihotzez

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Iñaki Arriola Garraio sailburua da Eusko Jaurlaritzan. Historiara igaroko bada, seguruenik izanen da aste honetan bertan eman dituen adierazpen batzuen harira. El Correo egunkariak jasotzen du berak esana: «AHTaren epeak ez zeuden ongi kalkulatuta, baina bihotzez egin ziren». Guztiak etxera, ez dadila inor kexatzen hasi. Bihotzez egin baziren kalkuluak, nori inporta dio ongi ala gaizki kalkulatu ziren?, zer inporta du beste guztiak? Bertsozalea izanen da Arriola. Ongi ikasi baitu Euskal Herria superpotentzia emozionala delako adagio famatu hori. Eta horrek beste edozein justifika dezake. Hunkidura über alles.

Gaur egunean hala funtzionatzen du guztiak. Garrantzi handiagoa du zer sentitzen duzun, zer egiten duzun baino. Emaitzak baino, intentzioak. Orain gutxi kontzeptu berri bat ere ikasi dut. Pijo intentzionala. Hots, familia onekoa eta diruduna izan ez arren, bere burua aberaskumetzat duena. Zorakeria ematen du, baina uste baino gehiago daude horrelakoak.

Ertain klaseko asko ere intentzionalak omen dira. Eta nor gara gu kontra egiteko? Hala sentitzen badute? Bihotzak hala agintzen badie? Arriola eta bere kordako asko ere kudeatzaile on intentzionalak dira. Makurrena da zenbatek sinesten dieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.