Kola freskagarrietan pentsatu etabi marka datozkigu burura. Bada, haietako bati betoa jarria dio nire mutilak. Erabatekoa. Itsua. Nire ustez, irrazionala. Izan ere, askotan proposatu diot dastatze itsu bat egiteko, berea aurreiritzi hutsa dela ikus dezan. Nola eginen dugu beste markako kola freskagarri hori ez badu, ezein formatutan, inola ere ez, erosterik nahi?
Azkenean, baina, esperimentua egin dugu. Gurean antolatutako afari-merienda batera gonbidatuetako batek seiko paketea ekarri eta poto bat sobera geratu da azkenean, beste inork edan gabe. Hurrengo egunean, aski tematu ondoren, lortu dut proba antolatzea, hozkailuan geneukan beste markakoarekin batera eta nire mutilaren begiak estalita.
Ez da aurrez pentsatutako ezer izan, berez sortu zait, metafora politiko polit bat izan zitekeelakoan, alderdibitasunarena, eta ezin izan diot neure buruari eutsi. Tranpa egin dut, ziurrenik profanazioa ere bai. Bi edalontziak lata bakoitzeko edukiaren erdiarekin bete ditut. Bietatik dastatu eta, eduki behar zituen dudak ezkutatzen saiatuz, ebazpen irmoa eman du. Zorionez, asmatu du bere kola edari faborito bakarraren poto ondoan duen edalontzia aukeratzen. Zorionez ez dakit norentzat.
Ā«Ezberdinagorik!Ā», bota dit.
JIRA
Bipartidismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu