Maialen Akizu.

Blondi

2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Dolores Fonzi aktore eta zuzendariaren pelikula da Blondi, eta bera da istorioko protagonista den Blondi. Blondik eta Mirkok konfiantza handiko bikotea osatzen dute: gustuko dute elkarrekin bizitzea, musika bera entzutea, pelikulak ikustea, batera erretzen dituzte porroak, planak egiten dituzte... Adinez antzekoak diruditen sasoi batean daude, baina, spoiler, Blondi Mirkoren ama da.

Eszena batean Blondi pausaje nagiz esnatzen da. Atea jo dute. Beste aldean, semearen lagun baten ama. Ernegatuta dago, eta erakutsi egin nahi du. Arrapaladan galdetzen dio ea bere alaba han dagoen. Blondik ez daki. Kezkari erantzuteko semearen logelako atea ahotsa sartzeko lain zabaldu eta «Kata, hor zaude?» galdetzen du. Norbait mugitu da. Blondik balkoitik Kataren amari esaten dio baietz, han dagoela alaba. «Eta zuk ez zenekien zure etxean neska bat zegoela lotan?». Epaien tonuan bota dio. Eta Blondik erantzun: «Barkatu, ez dut galdera ulertzen».

Egitekoen zerrendan apuntatu dut esaldia. Batzuetan nahikoa delako lehia moraletik irtetea: ez dut ulertzen, ez dakit, ez dut zure hizkuntza hitz egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.