Badago hitz bat, jarleku edo bizitoki (are film batean ikusi eta etxean gauzatzen saiatutako sexu jarrera) bati ez dagokionean, objektua baino askoz zehatzago definitzen duena hura ezpainetaratu duen subjektua. Arrasto bat emanen diot zein den oraindik asmatu ez duenari. Zutabe honen goiburuan idatzita dago.
Espainiako Auzitegi Gorenaren Zigor arloko hamabost epaileak bildu ziren atzo Frantziako kartzeletan emaniko urteak etakideei deskontatu ahal zaizkien eta nola, Europar Batasunak 2008an hartutako esparru hitzarmenaren barruan, eztabaidatzeko eta irizpideak batzeko. Eztabaida, fakultateko kasu praktikoen gaineko debateak gogoan, termino juridikoetan irudikatu nahi nuke. Baina Rafael Catalá Justizia ministroak —jendaurrean; hori da arazoa— emaitza jakin bat eskatu die, Auzitegiak zer doktrina ezarri behar duen zehaztuz.
Epaileak kexu agertu dira. Ministroaren jarrera «esku sartze deserosoa» dela salatu dute. Deserosoa. Bere burua demokratatzat duen edo saldu nahi edozein estaturen botereen arteko banaketa auzian paratzen duen eskaera larria, esku sartze hau, ez da onartezina, ez da gaitzesgarria. Deserosoa baino ez da.
Agindutakoa betetzeak antzezpen gehiago eskatuko dielako orain.
JIRA
Deseroso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu