JIRA

Egunak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bazkalostean egutegiak banatzeari ekin zion aitak, eta beti bezala, urteko egun seinalatuen kontaduria egiteari eman genion kafe ordua sukaldeko epelean. Nire urtebetetzea larunbatean tokatzen da, esan nuen, eta segituan ginen denok egutegiari begira. Ez dago norbere urtebetetzea aste tartean tokatzea baino okerragorik: esan egin behar izaten da lantokian, zerbait eraman, antzerkia egin lehenaz gain. Zurea asteartean, esan nion amari, eta hor joan ginen, saltoka-saltoka, baten urtebetetzea zela, besteen urteurrena zela, urtea jaten konturatzerako. Beste urtebetez bizitzeko adina arrazoi bildu genuen behintzat. Harra geratu zitzaidan, ordea, barrenean: zenbat ote dira gogoratu bai baina esaten ez ditugun egunak? Bikotekide ohiaren urtebetetze eguna, ahaztu ezin dugun heriotza batena, gogoan iltzatuta geratu zitzaigun desengainu batena; zenbat dira gogoan dituzun urteko egunak?

Aspaldi honetan oso hunkigarria egiten zait, eta aldi berean zeharo tristea, besteak beste norbere bakardadearen neurria ematen duelako, urtero amari entzutea, sekula gogoan hartzen ez dudan egunean, gaurko egunez hil zen gure aita. Zenbat dira gogoan dituzun urteko egunak? Zenbat gogoan dituzun lagunak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.