Elementu ikusezinak. Halaxe deitzen diete lan esparruko gatazkei Fabrika enpresakoek. Elementu kimikoen pare, taula periodikoan jarri daiteke gatazka. Negarra, poza, maitasuna... finean, kimika gara, molekulak, atomoak. Nik hortxe ipiniko nuke, kaltzioaren eta eskandioaren artean, trantsizio-metalen taldean. Gt, gk, ggggg akronimoak aho batez erabakiko ditugu.
Fabrika Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearen enpresa kultura berriaren laborategia da. Fabrika. Kultura. Berria. Laborategia. Langileez beharrean pertsonez hitz egiten dute. Garrantzitsua delako enpresetan norbere izenetik deitzea —Aupa, Mikel! Egun on, Susana!—, haurra sendatu ote den galdetzea, asteburuko partida komentatu eta marrazainari errua elkarrekin botatzea. Eurak ari dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailaren enkarguz lau eguneko lanaldiari buruzko azterketa egiten. Neutroi eta elektroi asko beharko dira horretarako. Bitartean, gure izate kimikoari egin diezaiotela jaramon eta eman diezagutela, besteak beste, O gehiago, Au banatuagoa, Eu justu bat.