Zuek nola bereizten dituzue notizia faltsuak eta bestelakoak (nola deitzen zitzaien?)? Niri gero eta zailagoa egiten zait. Garai batean absurdotasuna (baina ez absurdotasun metafisikoa, hori bizitzaren parte baita, absurdo irrigarria baizik) irizpide gisa erabili ahal zen. Garai batean 2029ko neguko Olinpiar Jokoak Saudi Arabian eginen zituztela entzun eta denok ulertuko genuke txantxa zela. Edo olerki bat.
Nik atzo 2029. urteko Neguko Olinpiar Jokoak Saudi Arabian eginen direla leitu eta ez dakit zer pentsa. Egiaztatzen saiatu naiz eta hainbat agentziak eta egunkarik errepikatuta aurkitu dut, baina haiek ere nola bereizten dituzte notizia faltsuak eta bestelakoak?
Egia izatera, munduko agintariek maneiatzen duten informazioan egon behar du gizateria urte horretara ez dela iritsiko. Utikan krisi klimatikoa. Denok basamortura eskiatzera.
Orain gutxiko goi bilera baten irudia etorri zait. Alemaniako kantzilerra eta saudiar printze hiltzailea bildu ziren, Errusiako satrapa hiltzailearen erregaien menpe egon behar ez izateko. Badirudi prezioa oximoron hau zela.
(Zutabea bidaltzear egiaztatu dut Asiako Neguko Olinpiar Jokoak direla. Gaitz erdi. Notizia eta nire ondorioak erdi-faltsuak baino ez ziren. Salbatuta gaude. Erdi).
JIRA
Elurra Arabian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu