Astelehena elurraren zain eman nuen. Banekien ez zela egun horretan iritsiko. Gurea dagoeneko ez da haurtzaroko itxaronaldi ezjakin eta ilusioz betea; izan ere, ziur aski guztiz kontrakoa da. Orain itxaroten dugu gure itxaropenak gezurtatu ahal izateko.
Aurreikusita zegoen bezala, ez zuen elurrik bota, baina oso modu aktual batean. Ez zuen egin elurrik, egiteko puntuan zegoelako. Solasaldiek helduleku eroso hori zuten, eta horrek euforiara bultzatzen gintuen. Diote ederra botako duela.
Arrebak igandean abisatu zidan gaur agian ez zela hitzordura agertuko. Atzo erabaki nuen erosketak egun batez aurreratzea. Zutabe hau ere ateri dagoela bidali dut, badaezpada; jakin ez arren badaezpada zer. Elurrak gure bizitza txepelei atzealde ederra eskainiko die, non tragiko sentitu, gure hutsaltasuna behin-behinean eten eta betetasun itxura emanda.
Elurrak iraganera garamatza (eguzkiak, ordea, kontrako efektua du), elurrak, beti ezusteko, batere kezkatzen ez gintuen iragan batera. Gogoan dut gertuko norbaiti hil ala biziko ebakuntza egin zioten biharamunean elurte handia aurkitu nuela ospitaleko kafetegira jaistean. Zentzu bat aurkitu uste nion berez zentzurik ez zeukan horri. Elurra tranpa bat da. Ibili kontuz.
JIRA
Elurraren zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu