JIRA

Erkidegoa

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Oso bi gauza diferente dira erkidegoa eta komunitatea, edo nik hala sentitzen ditut behintzat. Lehendabizikoa ez du batek hautatzen; jaio egiten da han, paperak egiten dizkiote, erroldan sartzen dute, erkidego bateko partaide bilakatzen da, erkide. Eta berdin dio handik alde egin eta beste norabait joatea erabakitzen baldin badu ere; doan lekura doala, beti dauka erkidego bat zain, eskuzabal hartuko duena zergak ordaintzeko orduan; poztekoa da mundu guztiak erkide nahi zaituela ikustea.

Baina erkidego batek ezin dio, bere burokrazia, bere polizia, bere hedabide publiko, bere kontrol guztiarekin, komunitateari zentzurik eman. Erkide izate hutsak ez gaitu egiten komunitate bereko. Nahi duena esango du Patxi Lopezek, baina Euskal Autonomia Erkidegoa ez da komunitate bat. Eta bertako erkideak ez gara, inondik inora, komunitate berekoak sentitzen. Ni ez behintzat. Eta ez naiz ari espainol ala euskal herritar sentitzeaz soilik.

Dena da. Euskararen sinbolikotasun nardagarri bezain faltsua, politikaren estetizazio izugarria, egunero hauteskundeak izango bagenitu bezala jokatzea, demokraziaren balioen goratzea. Ze komunitate eratu nahi dute? Hau ez da komunitatea, hau erkindegoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.