Neure buruari esaten diot ez duela merezi haserretzea, alfer-alferrik dela politikoei ezer esatea, protesta egitea, ez baitzaie axola herriak zer uste eta zer esaten duen, ez bada hauteskunde egunean, edo hauteskundeetarako kalteren bat ekartzeko moduan. Bitartean, jardun dezatela, kexa daitezela, total, ez die inork kasurik egingo, ez dute lortuko ezer aldatzerik. Belarri batetik sartzen zaie Jakoba Errekondok urriaren 3ko Argia astekarian esandakoa, eta bestetik irten. Ados, akaso gehitxo esatea da: seguruenera sartu ere ez zaie egiten. Gogorra behar du herritarren bizimodua bulegoetatik zuzentzeak. Inoiz sentitzen ote dira ezeren errudun?
Kontuak umorez hartzeko ikastaro bat egiten ari naiz, baina atzeratuta nabil, antza, oraindik sutan jartzen bainau erakundeetatik herritarrak arazo guztien errudun sentiarazteko egiten den kanpaina itzelak. Etxean ez baldin badauzkazu zaborra birziklatzeko koloretako hiru pote, eta paperarentzako beste bat, eta olio zikina ez baduzu gordetzen noizean behin pasatzen den kamioiak jaso dezan, mundua hondamendira daramazu, zuk bakarrik. Erruduna zara.
Hungariakoa istripua izan da ordea, zorte txarra, ezbeharra. Dabilenari gertatzen zaio.
Errudun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu