Ez dakit

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Eta dena dela zer da ba testua, gauza hutsa, kearen itzala; zatiaren zati, zatiaren zatiki zatikatua. Hitzek ezin dute errealitatea hesitu, nahi bai, baina ihes egiten du, bere kasa dabil; errealitatea ez da erreala, likitsa da lanbroa da, pisua da, gainezka egiten du, ez da kabitzen inongo hiztegi entziklopedikotan. Errealitatea hitzak ez du, erosotasunaz aparte, batere zentzurik. Aingira erraldoi bat bezala pasatzen da gure gainetik, ziztuan, behin, bitan, zazpi aldiz, mila bider egunean zehar. Hitzezko geziekin harrapatu nahi izaten dugu, baina geziak geuregana itzultzen dira beti, eta azkenean, errealitatea ez da geure hitzen, geure gezi hautsien batura kaotiko bat besterik. Egia eta gezurra, ezinaren bi alderdiak izendatzeko bi gezi hautsi baino ez dira.

Edo uste duzu akaso, erosotasunaz aparte, baduela batere zentzurik egia alde batera eta gezurra bestera banatzen hasteak? Bat bitan banatzen da akaso, eta esan dezake, argi eta garbi, zehatz eta zorrotz, badakiela non hasten den bere egia eta non bere gezurra? Izen onekoak baietza eta ezetza dira, ziurtasuna, erabakia, uste sendoak, zirt edo zart, baina ez dakit. Ba ote genekike gure erabakien atzean dauden arrazoiak aletzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.