Maialen Akizu.

Ez daukat lagunik

2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Lagun batek kontatu zidan lehengoan. Bere amak esan omen zion ez zuela lagunik; sentsazio hori zuela. Lagunaren ama aspalditik bizi da senarraren herrian. Alabari hasi omen zitzaion kontatzen gazte garaian nola ibiltzen ziren herriz herri; inguruko festei urtero egiten ziela errepasoa, igande arratsaldeetan ere planak zituztela, barre asko egiten zutela, dantzazaleak zirela, jende berria ezagutzekoak. Jende berri horren artean erraz identifikatzen zituztela eurekin sekula nahastuko ez ziren mari-pertxentak, edo eurekin sekula maiteminduko ez ziren mutiko galantak. Lagunaren amak kaxa batean ditu gordeta argazki zaharrak —«begira, hemengo hau da Koro, mototsak dituena Lierni, eta hor atzekoa ni»— eta ahoz gora esan zuen, alabari eskatzen ariko ez balitzaio bezala, ederra litzatekeela argazki horiek digitalizatzea. Alabak amari ziotson orain ere badituela lagunak: Maialenen amarekin oso ondo konpontzen dela, yogakoekin egiten dituela afariak, aitaren kuadrilla berea ere badela. Eta amak erantzun zion baietz, «lagunak oso inportanteak» direla, ezer eskatzen ariko ez balitzaio bezala.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.