Gerra guztiak ez dira berdin mediatikoak, gerra guztiek ez dute erakargarritasun puntu bera. Ikusi, esaterako, Bigarren Mundu Gerrari buruzko zenbat dokumental ez diren egin, ez diren oraindik egiten, eta ez duten ia astero ematen telebistan. Badirudi (historikoki, mediatikoki, telebisiboki) ez dagoela beste gerrarik. Ni egunotan saiakera bat irakurtzen ari naiz, Lehen Mundu Gerra nola «egosi» zen: Chris Clark historialariaren Sonanbuluak: Europa nola joan zen 1914an gerrara. Toki batean baino gehiagotan ikusi dut ongi aipatuta, oraingoa ulertzeko, gerraren bide arriskutsuan behera ia oharkabean nola irristatzen ari garen ulertzeko, giltza batzuk ematen dituelakoan. Gehien harritu nauena da gatazka honi buruz, lerroburu eta izen handi pare bat alde batera, zeinen gutxi jakin dudan orain arte. Ez dut uste denboran urrunago dagoelako bakarrik denik. Edo nire interes faltagatik.
Argi dago foku mediatikoari eustea ez dutela gerra guztiek berdin erraz. Ukrainakoak lortu du, tarteka ahultzen bada ere. Voguek nor eta Annie Leibovitz Kievera bidali du Zelenskitarren argazkiak egitera. Horrek iradokitzen dit telebistako programazio aldaketa bizi dezakedala nire zahartzaroan, oraindik balego telebistarik.
JIRA
Gerra dokumentalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu