Angel Erro.
JIRA

Gerra, 'ma non troppo'

2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Frantziako dozena erdi bat aireportu hustu dituzte Gazako erasoarekin (erasoekiko Europako jarrerarekin) zerikusia izan dezaketen bonba mehatxuak direla kausa. Josu Erkoreka sailburuak, bere aldetik, segurtasun neurriak zorroztuko dituela esan du; Madrildik datorren iradokizuna abiaburu du erabakiak, eta «Europa osoarekin dator bat»; «en sintonía con Europa», hitzez hitz.

Eta Europako sintonia, antza, gatazkaren gorakada saihestea da. Horregatik atzera egin dute hasierako egunetako adierazpenetan. Horregatik atera dira Von der Leyen gezurtatzera. Horregatik suminduta agertzen hasi dira. Baina ez Israelen jarrera gaitzetsi edo su-etena eskatzeko adina. Kanpotik ikusita, Europatik bertatik horrelakorik posible den heinean, ematen du gatazkak gainezka egin dezan ekiditea beste helbururik ez dutela europar agintariek, batean bake eta bestean keba. Gerra neurritsuak maite ditu Europak. Kutsaduren beldur eta ekonomiari eragin ahal dion beldur ere.

Europa moderatua, Errusiari gasa erosteari utzi gabe, hari blokeoa ezarri diona. Europa epela, erregaiak nori erosiko daukana areago buruan, giza eskubideak baino. Europa, giza eskubideen sehaska eta (toki batzuetan tartea ez da hain handia) zerraldoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.