Ate itxian da bilera. Arte Ederretako Museoan nor den oro agertu da eta adi daude zuzendariak zer esanen, kezka aurpegiz. Azaldu die zerbait egin beharra dagoela, lehenbailehen. Azken hitz horren azpian «Guggenheimek aurrea hartu diezaien baino lehen» ulertu dute. «Berez, xinplea da, zer artelan sakrifikatzeko prest gauden aukeratzea besterik ez». Jarraian, ekintzak artistaren zabalkundeari (hots, kotizazioari) eta, zeharkako ondorioz, erakundeari berari (hots, diru-laguntzen egonkortasunari) ekarriko dien onurei buruzko grafiko batzuk banatu ditu, oraindik errezeloa duen baten bat balego.
«Ezin dugu erabakia gehiegi luzatu, gutxieneko arreta mediatikoa bermatuko badugu. Van Gogh-en Eguzkiloreak eta Monet-en Belar-metak-en ondoren, saiatu behar dugu erasotuen goiko postuetan gure gordailuko artelan bat kokatzen, kontua bere onetik gehiegi atera aurretik; pentsa, Karlos eta Kamilaren argizarizko figurei ere txokolatezko tarta bana bota diete. Noraino iritsiko gara?».
Beste batek hartu du hitza. «Gurean zer?Mamia, ezta?». Zuzendariak: «Hori baino premiazkoagoa, aktibistak ongi aukeratzea. Ekologistak ikusiegiak daude. Aprobetxa genezake beste ekintzaile talderen bat, gertukoa, kriminalizatzeko. Esaterako...».
JIRA
Goi bilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu