Jendea gara, ez besterik, eta nahikoa, geu gara jendartea egiten dugunak, geu gara plaza, geu gara publikoa, geu gara komunitatea.
Hor hasten da beste guztia, irribarre batek onartu egiten nau, ez naiz arrotza, hitz egin dezaket, keinu bat egin, erantzun, esker ona adierazi, lotura sortu, afektua erakutsi, konplizea bilakatu, holaxe osatzen da komunitatea. Eta komunitate hori ez da bat, ez da bat eta bakarra, ez da era batekoa, eta ez da erabatekoa, gu asko biltzen dituen gu bat da.
Egunaren bukaeran, gutariko beste gu batzuek Arantzazuko egutegiari orria erauzten dioten gisa berean, inon ez dagoen eta hala ere ikusi egiten dudan egutegiari orria kentzera joaten naizenean, irakur dezaket aipu bat izan zitekeena, «denbora guztian gai guztiak agortuta dauzkan kultura batean bizi gara», Jonathan Franzenena, eta etortzen zait egun osoan zehar irakurri ditudan titular guztiek utzi didaten ubera ahula, eta Boris Groysek elkarrizketa batean esandakoa, «gaur egungo gizartearen ezaugarri nagusia hitzei dien mespretxu sakona da, soilik akzioek eta transakzioek ematen dute garrantzitsu», eta pentsatzen dut, nirebaitan hainbeste jende bizi bada, gure baitan mundu zeharo aberatsa dagoela.
Jira
Gu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu