Bihurgune itxia atzean utzi ostean, gainera etorri zitzaiola-eta, azal zuriko atsoak ez ukitzeko eskatu zion azal beltzaraneko neska gazteari, min ematen ziola. Honek amorrua irentsi eta irribarrez erantzun zion, barkatzeko, ez zela konturatu, ez zuela gehiago ukituko. Garaipen keinu bat egin zuen atsoak. Beste derrota bat, pentsatuko zuen neska gazteak. Isilik geratu ginen autobuseko bidaiariak, bakoitza bere sentipen eta gogoetekin, baina denok jarri genituen ordura arte gerrari emandako gure begiak beste zerbaiti begira.
Barruan bezala, kanpoan ere euria ari zuen, eta aterkipe bakoitza mundu bat zen, bere baitara bildua. Kaleak bustita, zuhaitzak biluzik, dendetako argiek kentzen zioten arratsari neguaren hotz iluna. Eta markesinetakoek. Iragarkiei arreta jartzen diezu hala. «Geldialdi eskatua» piztu zen gorriz, eta kalearen bukaeran jaitsi zen azal beltzaraneko neska gaztea. Begiak argira joanzitzaizkidan. Haur bat ageri zen, zuria, guria, sanoa, alaia, kolore biziko barazki distiratsuen tontor batetik burua ateratzen.Erraz beldurtzen naiz, eta leloak izua eragin zidan: hemen jaioak.
Barazkiak ez dira jaiotzen, egin nuen neure artean, eta gizakiei labela jartzen diegu.
Hemengoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu