Diodoro Kronos Megarakoak uste du mugimendu oro beti pasatua dela, inoiz ez presentea, hots, uste du ez dela mugimendurik existitzen.
Halere, gauzak tokiz aldatzen dira, gauzak eta pertsonak, pertsonak eta taldeak, haiek eta haien ideiak. Horregatik agian hitz egiten da mugimendu sozialez. Halako desplazamendu bitxi bat nabaritzen hasi da gure ezker abertzalean. Orain arteko benetakoari bertsio ezkerrekoagoa, abertzaleagoa, hazi zaio, bere lehengo medizinatik edanarazten ari zaiona. Azken egunetako eztabaidak jarraitu ditut sarean eta krisi guztiek ekarri ohi duten sukarraldiaren arrasto terminologikoak aurkitu ditut «sua pizten» ibiltzearen akusazio gurutzatuetan. Arretaz leitu dut «ahalduntzearen eta feministen tranpez» aritu diren Itaiako emakumeek antolatutako jardunaldiei buruzko BERRIAko notizia ere. Feminismoa eta identitate politikak despolitizatzaileak omen dira, helburu sozialistak urrunduta. Soinu ezaguna da; Espainia aldean ere «dibertsitatearen tranpa» haizatu zuten duela urte batzuk. Rojipardismotik gertukoenek maiz astintzen duten bandera, denik eta gorrienak agertu nahi baina ibili eta bueltan eskuin muturraren salda lodituz.
Agian arrazoia du Diodoro Kronosek, eta higidura tranpa da.
JIRA
Higiduraren tranpa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu