Esperientzia bitxia da hotel batean ostatu hartzea. Egunerokoan bizitzen ez dugun luxua gertutik ikustea. Horregatik hainbeste gustatzen zitzaien gure ama langileei hoteletara joatea, oporraldi laburra pasatzeko apartamentu edo hotel baten artean aukeratu behar zenetan. Bazekiten apartamentuan etxeko lan bera (edo gehiago) egiten jarraitu beharko zutela; hotelean, berriz, zerbitzatuko zieten, lehenagoko aberatsen bizimodua alokatuko zutela egun batzuez.
Hoteletako zerbitzuak garai bateko burgesek beren etxeetan zeuzkatenak erreplikatzeko sortu ziren (sukaldariak, neskameak, maiordomoak, txoferrak…), kanpoan etxean bezala egoteko. Orain hoteleko zerbitzuak, gehienetan, horrelakoez inoiz disfrutatzen ez dutenei simulakroa eskaintzeko daude. Goxo egoten da hoteletan, horretarako daude, ez-lekutik duten hori gaindituz gero, klase gatazkan bandotik aldarazten gaituelako lanik egin behar ez izateko fantasiarekin jolasarazita. Gauza bera gertatzen da mundu guztiak hobbytzat lehen aipatzen duen horrekin: bidaiatzearekin (ez baitu lanarekin, oporretan egotearekin baizik, lotzen).
Argudio hauek darabiltzat buruan autokarabana bat erosteko. Zoritxarrez, hotel batean tarteka aberasko sentitzeko bezain txiroa naiz.
JIRA
Hotelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu