Larunbata zen, afaria neukan, gizon-proba ikustera joan ginen Zestoara. Kale buelta bat egingo genuela aurretik, eta hala ibili ginen, tabernaz taberna, hotzetik ihesi. Aspaldiko lagunak agurtu nituen, eta baita berriagoak ere; musikaz hitz egin genuen, disko onak gogoratu genituen, gaztetakoak, eta pasioaren galeraz mintzatu ginen, orain ez dugula musika orduan bezala bizi; bigarrena eduki zuela esan zidan, gustura zegoen, bakoitzak bere bidea hartu zuen gero. Afaltzera joan ginen.
Kezka neukan ordea: eztarria galtzen ari nintzen, inoiz ez zitzaidan gertatu. Ahotsik gabe geratzen ari nintzen, izua sartu zitzaidan, imajinatzen, ahotsa galtzen duzula bat-batean? Ahotsa baldin bada gizakien sukaldea, nirea hotz zegoen, ilun, eta ez zekien esaten zergatik.
Mahaira esertzera gindoazen. Egunero irakurtzen dut zure zutabea. Mila esker, zein hori baino lore hoberik. Eta? Hara, esango dizut Ramon Saizarbitoriaren adibide batekin: aspertuta nago auzoan txakur gehiegi dagoela idazten dutenekin. Motza izan ordea, eta ez nuen ulertu. Ez, batzuetan kontu hutsalak idazten dituzula iruditzen zait. Sastakaia baino zorrotzago sartu zitzaidan. Eta arrazoi badu?
Zestoarrek irabazi zuten gizon-proba.
Jira. Xabier Gantzarain
Hutsala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu