Lo sartu nintzen dutxara, lo atera nintzen. Jantzi, ondo jantzi, eta hotzetara irten behar izan nuen. Goizegi zen edozertarako. Mundua ilunpetan zegoen, trumoia buru gainean lehertu zitzaidan, argi printza bakarrak elektrizitateak eskaintzen zituen: farolak, semaforoak, autoen argiak, tximistak. Asko inporta zitzaidan niri Julian Assange eta Cablegate. Hankak izoztuta neuzkan. Bi emakume ikusi nituen arrandegia irekitzen, dena ur, dena izotz, dena ospel. Gaur larunbata da, bihar igandea, zubi egingo dute akaso, baina eta gero, egunero ireki behar da arrandegia, goizean goiz, han egon, irri egin, dena ur, dena izotz, dena ospel. Zer egin dugu aurreko bizitzan, gaur gisa honetara zigor gaitzaten? Tixertak aterako ditut Aldous Huxleyren esaldiarekin: nola dakizue lurra ez dela beste planeta baten infernua?
Autobus geltokian ilara luzea zegoen. Hotz aurpegia zeukan jendeak. Lanera zihoazen. Lanera gindoazen. Hangeunden, ilunpetan. Tixertakaterako ditut Platonenesaldiarekin: esklaboek ezin dute politika egin, ez baitute astirik. Wikileaks, sekretuak, mezuak, espioitza: ikuskizun bat gehiago. Inork hautsi du harreman diplomatikorik? Arrandegiko emakumeen egia da nire egia bakarra.
JIRA
Ilunpetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu