Jira. Xabier Gantzarain

Intuizioa

2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Hara, esango dut garbi: eguneroko kezka ez da zeri buruz idatzi, zeri buruz ez idatzi baizik. Ikusten ditut albisteak, egunkarietako azalak, telebistako berrien hurrenkera negarti eta negargarria, eta marmarrean hasten naiz neure kasa. Baina gero ez dut jakiten nondik hasi, zeri eman garrantzia, zer aukeratu. Intuizioak narama, itsu-itsuan.

Aukeratu beharra daukat, hasteko eta behin, Txillidaren artelan ostua 30 eurotan saldu zuena, eta esan, zein ondo etorriko zitzaiokeen kultura pixka bat, ez da masterrik behar, oinarrizko ezagutza labur batekin aski da. Ez ordea, ez zuen ikasteko aukerarik izan apika, porrot egin, eta beste lan batzuetara jarri behar izan zuen. Horra gizon zintzo bat: pisura saltzen du generoa, ez daki burdina urre bihurtzen, ez daki gezurretan, ez du arterik saltzen.

Eta aukeratu beharra daukat Neus Sanmarti irakasleak BERRIAri emandako elkarrizketa, eta batez ere, esaldi hau: «Eskola oso polarizatuta dago: gizarte klase baxukoek eta etorkinek porrot egiten dute, eta gizarte maila altukoek gaitasun gehiago dituzte».

Intuizioa da: klase borroka ez da sekula amaitu, eta gero eta krudelagoa izanen da. Gorde itzazue ondo zuen Txillidak: 30 eurotan salduko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.