Onena ez bada, izan dudan irakaslerik onenen artean dut institutu garaiko grezierakoa. Urtebetean grezierazko testu bat hartu eta hiztegiaren laguntza iruzurtzailearekin gaztelania gutxi gorabehera ulergarrira eman behar genuen. Irakaspenik garrantzitsuena, testuari zentzua emateko, hitzetatik pixka bat urrundu behar zenuela eta grezieraz urri ulertutakoa, labirinto barruko hari mehe horretatik tiraka, zeure unibertsora, zure hemen eta orainera ekartzen saiatu.
«Mé nyn tà pórro tangythen metheìs skópei». Euripidesi egotzi Reso tragediako 482. lerroa.
Hauteskundeak izan dira Grezian eta mundu guztia emaitza bere hizkuntzara itzultzen saiatzen ari da. Itzulpen batzuk literalegiak dira. Itzulpen libreak ez dira falta. Greziako alderdi irabazlearen transliterazio barbaro asko sortu dira. Espainian Podemos da nagusitzen ari den ordaina, baina ez da bakarra. Euskal alderdien artean ere bada irabazle esnatu denik. Syrizak eskuin nazionalistatzat jotzen den alderdiaren babesa behar izan du gobernatzeko. Sintagma ustekabe horrek buruko minak eman eta emanen dizkigu geurera ekarri nahian, alferrik, itzulpenean galduta.
«Ez egon urrutikoari so, etxekoa ahaztuta».Euripidesi egotzi Reso tragediako 482. lerroa.
JIRA
Itzulpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu