Angel Erro.
JIRA

Jarrerak

2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Israel Gazako zerrendan eta Jerusalemen bertan, Meskiten lautadan, egiten ari denaren aurrean asko dira guk hemendik, gure mendebaldetasunetik, hartzen ditugun jarrerak. Ez dira beti elkarren artean bateraezinak.

Bada, hedabideetan batez ere, istilutzat jotzen dituenik, bi aldeak indarrari edo arrazoiari dagokionez berdinduta, nola salatu baitu Yasmine Khris Maansri marseillar iruindartuak Twitterren. Bada Al Aksa meskitako beirate bat hautsi izanak 20tik gora hildakok baino zirrara handiagoa eragiten dionik (Notre-Dame edo zabor-edukiontzi bat ere izan zitekeen). Bada perspektiba historikoak baretu egiten duenik: oraingo bidegabekeria bati urteetako edo mendeetako sustraiak aurkituta lasaitu egiten da, tragedia mitiko baten apalategian sailkatu ahal izan duelako, bertan dauden pertsonak eskubidedun banakoen ordez arketipo betierekoak balira bezala.

Bada terrorismoaz diharduenik, bada autodefentsa aipatzen duenik. Bada, NBEren Segurtasun Kontseilua bezala, bildu eta eskuak garbitzen dituena, oso kezkatuta daudela, hori bai, esanez. Bada Israel aurten oporretara joateko moduko herrialde moduan sailkatu duenik (txerto tasagatik). Bada geopolitika ulertzen ez duenik. Bada dagoeneko zer esan ez dakienik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.