Rafael Azcona ari dira elkarrizketatzen oraintxe bertan El País egunkariaren irakurle birtualak. Mantso doa kontua, eta bitartean dilistak jarri ditut uretan.
Irakurle batek esan dio bere existentziaz zalantza egiten zuela lehen, Berlanga edo Ferreriren asmakizun bat ez ote zen pentsatzen zuela. Alan Pauls-ez oroitu naiz; bera ere pertsonaia asmatua zela uste izan zen, Vila-Matas eta Bolañoren asmakizuntzat jotzen zen idazle argentinarra Espainian. Berari dibertigarria iruditzen zitzaion kontua; ez dakit arkitektoei gustatuko litzaiekeen eraikin izatea, baina idazleei susmoa daukat gustatu egiten zaiela pertsonaia izatea; agian horregatik idazten dute.
Animatu egin naiz galdera bat bidaltzera. Ez naiz oso originala, baina irakurlea bai, banaiz, eta horixe galdetu diot, ea azkena zer irakurri duen. Azkena ez baina behin eta berriz ari da irakurtzen lehenago ere sutsu gomendatu didaten liburu bat: Los girasoles ciegos, Alberto Mendezena. Liburua argitaratu eta hamaika hilabetera hil zen. Obra bakarra utzi du, ipuinak, Gerra Zibilaren inguruan. Zinera egokitzera omen doa elkarrizketatua Jose Luis Cuerdarekin batera.
Gero eta denbora gehiago pasatzen dut zutabea idazten, dilistak egostera noa. Bihar arte.
JIRA. Dilistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu