JIRA. Puntu klimatikoa

UXUE APAOLAZA
2008ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Urteak pasatu dira plana sortu zenetik; gaitz guztiak sendatuko zituen plana, nahiz zer zen oso ongi ez genekien. Horretan Ibarretxe eta Zapaterori antzekotasunak ikusten dizkiet, zertan oinarritzen duten ez dakidan optimismo tematian. Egun historiko bat baino gehiago eman dizkigu proposamen horrek, astebetera ahazten diren horietakoak; parlamentuetara itzuliak, ezker abertzalearen bozketa sorpresak, Madrilera bidaia sinbolikoak, galdeketarako bozak etxera iritsi zitzaizkigunekoa, debekua, eta, azkenik, galdeketak behar zuen eguna. 25-O, edo U-25. Puntu klimatikoa narrazio honetan. Baina debekatuta zegoen. Eta egun historikoa koloretako aterkiak zabalduta ospatu da. Ez da neurrikoa. Hainbeste urte kontu berari bueltaka erreferendum izatera iristen ez den galdeketa bat egiteko; ez zait bidezkoa iruditzen, gero erantzuna irratian Lakastak esan bezala performance bat baldin bada. Horrek guztiak Espainiako Gobernuaren fobiak agerian uzteko bakarrik balio badu, alferrik ari ziren, eta koloretako aterkiek ez dute gu hunkitzeko baino balio; Ibarretxe ez da hiritar babesgabe bat, eta esan duten bezala hau guztia hain garrantzitsua bada, egin zitekeen galdeketa, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.