JIRA. Zerako zera

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2005eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Jende gaiztoak zerako zera maite du, eta, zoritxarrez, zerako zerarista asko dago munduan nazioarteko sareak josten hasia. Horrexegatik, jende zintzoak zerako zera gaitzesten du. Hori bai, jende horrek ez dauka oso garbi zein den zerako zeraren muina, baina lasai, batzuk hasi dira-eta horri ere betiko definizio zehatza emateko lanean. Nahi eta ezin dabiltza oraingoz, egia da, baina errua ez da beraiena. Egoeraren biktima besterik ez dira, koitaduak, zerako zeraristen maltzurkeriak pertsonarik zintzoenaren ikuspegia ere nahas dezakeelako. Pertsonak hidrogeno bonbaz, napalmez, misilez eta fosforo zuriz kiskaltzea; gobernuak militarki eraistea beti zerako zera dela sinetsarazteraino. Eta garbi dago legea eta nazioarteko erakundeen onespena eskuan dituena ez dela inoiz zerako zerarista izango, ezta? Eta presoei gorputza taladro elektrikoz zulatzea, gorputza eta duintasuna papurtzea... «galdeketa teknika berritzaileak» erabiltzea besterik ez da. Zerako zeraren kontrako gerran dagoen arma eraginkor bat. Zerako zerak zero etorkizun izan dezan, zerako zeraristen zorneak zipriztindu ez gaitzan. Ulertu duzue, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.